HARTXURIKO KONTUA

Fecha de publicación: May 13, 2009 3:1:6 PM

Hona hemen kontu bat Urepelen (Baxenabarre) entzun nuena. Tote Senosiain urepeldarrak, Inarabia etxeko jaunak, kontatu zidan eta negu gogor batean Hartxuria etxaldean sartu zen otso gosetia du mintzagai. Hartxuria oso goian dago, basoan bete-betean, Hauzaiko lepora doan bidearen ondoan, eta handik Urtarai (1156 m) eta Lindus (1220 m) mendi gailurretarantz, azken hori ur-mugan bertan, hain zuzen ere.

He aquí un cuento que oí en Urepel (Baja Navarra). Me lo contó el señor urepeldarra Tote Senosiain de la casa Inarabia, y habla del lobo hambriento que se metió en el caserío Hartxuria un crudo invierno. Hartxuria está muy arriba, en pleno bosque, junto a la pista que va al collado de Hauzai, y de allí hacia las cimas de los montes Urtarai (1156 m) y Lindus (1220 m), esta última en la misma divisoria de aguas.

Behin batean Urepelen Hartxuria izeneko etxaldeko Maria andreak Inarabia etxeko Tote Senosiain jaunari kontu bat jakinarazi zion ahoz herri baxenabartar horretan bizi izan omen zen otso bati buruz.

Hartxurian –harri handi zuri batzuk ondoko basoan baititu– Maria bere familiarekin bizi zen, eta negualdi gogor-gogor batean otso goseti bat sartu omen zen etxaldeko arditegian, etxebizitzaren azpian. Izan ere, gutxi jana zuen azken egunetan elurragatik, eta argal samar zegoenez gero, arditegiko leiho hertsitik sartu ahal izan omen zen ontsa. Ardi gaixoen artean zelarik, anitz jan zituen oso gustura eta atseginez. Ongi ase zenean, urdaila eta sabela arras bete zituelarik, kanpora irten nahi izan zuen, baina ezin, ez zeukan leiho hertsi hartatik jalgitzerik, denbora gutxian guztiz loditua baitzen, hainbat ardi haragi neurririk gabe jan izanagatik.

Orduan familiako aita arditegira jaitsi omen zen, eta otsoak ateratzeko ahaleginak jo eta ke egiten zituela ikusi zuenean, gizonak buztana atxiki zion sendo. Otsoak, berriz, leiho hertsi hartatik irten nahi zuen gogoz, baina burua besterik ezin zuen atera kanpora. Orduan aitak hauxe erran zion goraki bere alaba Mariari:

-Mari! Har ezan aizkora, otoi, eta moztu iezaion burua!!

Alaba ausartak berehala egin omen zuen Aitak errana. Aizkora hartu zuen, batere beldurrik gabe irten zen kanpora atetik, eta arditegiko leihoan berean moztu zion burua otso biziki lodituari.